Xavier Mina Elkartea Berrian

Otsaila 27, 2012 by xaviermina · Iruzkina utzi
Sailkatuta:Hemeroteka, Prentsa aretoa 

2012-02-24
Tomas Urzainki. Historialaria
«Konkistak jarraitu egiten du oraindik»

Estereotipoak dira nagusi Nafarroako historiaren inguruan, Tomas Urzainkiren ustez. Horregatik eratu dute Xavier Mina Nafarroako Ikerketa Historikoen Elkartea.

Iñigo Astiz Iruñea

«Faltsifikazio historiografikoei su-etenik ez ematea». Hori da Xavier Mina Nafarroako Ikerketa Historikoen Elkartearen asmoa. Izan ere, 1512ko Nafarroaren konkistaren 500 urteurrena da aurtengoa, eta gaia mahai gaineratzea da haren helburua. Ez hori soilik, ordea. Ezagutza hutsune nabarmena dago, Tomas Urzainki historialariaren hitzetan (Iruñea, 1949). Elkarteko bultzatzaileetariko bat da bera, eta egungo erronkei aurre egiteko, ezinbestekoa da iragana aztertzea, beraren ustez. Haien webgunean dago elkartearen ekinbideei buruzko informazioa: xaviermina.org.

Zer behar ikusi duzue halako elkarte bat osatzea erabakitzeko?

Hutsune nabarmen bat dago. Ez dago herrialde honen historiaren ezagutza eta hedapen nahikorik, eta horregatik batu gara historialari batzuk elkarte honetan. Nafarroa osoa hartzen dugu kontuan. Ez Nafarroa herrialdea, baizik eta subjektu historikoa; gure gizarteak bere eskubideez gozatu ahal izateko osatutako antolaketa juridiko eta politikoa. Funtsezkoa da hura ezagutzea herrialde honi edozein proposamen ideologiko edo politiko proposatzeko. Euskaldunon subjektu historiko nazionala da. Ez da errealitate historiko urrun bat: gaur egunean ere presente dago.

Diozunez, iragan haren bilakaeraren ondorio da egungo errealitatea.

Nafarroako konkistak gure gizartearen mendekotasuna ekarri zuen, baita zatiketa ere. Egungo herrialdekako banaketa estuki dago lotuta konkistaren faseekin. Hiru gertakari historikotan gelditu ziren iltzatuta Frantziako eta Espainiako gizarte menderatzaileen erlojuak. Gaztelarren konkista da gertakari horietako bat, eta 1789ko Frantziako Iraultza da beste bat. Euskaldunen nazio errealitate bereiziaren galera ekarri zuten. Azkenik, 1936an kontrairaultza bat gertatu zen Espainian, eta hor dago erlojua geldi. Hor eta ETAren aurkako gudan. Horrek baldintzatzen ditu egungo diskurtso ideologikoak. Jende asko ez da ohartzen Espainiak eta Frantziak daukaten justifikazio ideologikoak gertakari horietan duela oinarria. Guk ere maiz ez dugu ikusten gizarte menderatu bat garela, bi gizarte menderatzaileren menpean. Fokuz kanpo ikusten dute askok gai hau. «Sindrome linguistikotarra» deitzen diot nik oker horri.

Zer da hori?

Euskararen herrialdetik abiatuta sortu nahi dute proiektu politikoa. Huts nabarmena da hori, nire ustez. Madril eta Parisek pozez ikusten dute nola aldarrikatzen ditugun eskubide politikoak hizkuntza eskubideen ukapenetik abiatuta. Orga idien aurrean jartzea da hori. Arazo linguistikoa, oso garrantzitsua izanik ere, arazo osoaren parte bat da soilik. Ukatzen diren eskubide politikoak dira giltza. Eskubide guztiak ukatu zaizkigu, eta haien artean baita hizkuntzarena ere. Ordenatu behar genituzke gure ideiak.

Horretarako sortu duzue elkartea?

Horretarako ere bai. Garrantzi handiko gaia da egun. Eztabaida politiko bat egin behar bada, mahai gainean oso presente eduki beharreko gai bat da hau. Diagnosia ongi egin behar da irtenbide egokiak aurkitu ahal izateko.

Diagnosia, beraz, ez da egokia.

Ez. Osotasuna kontuan hartu beharrean, zati bat hartzen da kontuan. Nafarroa izan zen Europako lehen estatu modernoa. Bazen horren kontzientzia bat. Herritarrek bazuten parte hartze bat, eta bazen eskubideen aitortza bat erregetzaren gainetik zegoena.

Orain 500 urte konkistatu zuten gaztelarrek Nafarroa, 1512an. Maiz aipatu da azkenaldian gaia, eta zuek Europako erreformen testuinguruan kokatzen duzue gertakari hura.

Ezin da konkista ulertu erreforma ulertu gabe. Konkistaren gaia erabat dago murgilduta nazioarteko gerra horietan. Fernando katolikoak Vatikanoa estutu zuen, errege-erregina batzuk herejeak zirela esateko eta herrialde baten buru izateko eskubiderik ez zutela ebazteko. Monarkia unibertsala aldarrikatzen zuten, eta, noski, monarkia hura katolikoa eta erromanikoa zen. Nafarroa guda horren lehen lerroan egon zen.

Ez da maiz aipatzen erreformarena konkistaz aritzean, hala ere.

Hemen dagoen gobernua espainiar nazionalista da, eta hori da haren asmoa: 1512koa ahalik eta eperik txikienera mugatzea. Arazoa minimora murriztu nahi dute, baina mende osoa hartzen du konkistak. 1512an hartu zuten Iruñea, eta 1610ean hil zuten Enrike III.a Nafarroakoa eta IV.a Frantziakoa.

Badira konkistaren gaia mahai gainean jartzen duen elkarterik: 1512-2012 Nafarroa Bizirik taldea, Nabarralde, zuena…

Hutsunea handia da, ordea. Erakundeek ez dute ardurarik hartu. Ez hemen eta ez Mendebaldeko Nafarroan edo Baskongadetan ere, eta haiei ere zuzenean eragiten die. Zazpiak bat aldarria, egun egiten den bezala eginda, bestek egindako banaketatik abiatzen da, adibidez. Nafarroa osoa defendatzen dugu guk. Ez ditugu onartzen konkistaren mugak.

Zergatik hautatu duzue Xavier Mina XVIII. mende bukaerako militarraren figura elkarteari izena emateko?

Independentziaren, askatasunaren eta berdintasunaren aldeko borrokaren erreferente bat da. Absolutismoaren aurka aritu zen, Fernando VII.aren aurka, eta Napoleoni ere kontra egin zion. Nafarroako herrialde guztietako kideak zeuden haren tropetan, eta Nafarroako gudarostea izatearen kontzientzia bat ere bazuten. Gero Mexikon egon zen, eta han esan zuen egun askok esaten ez dutena. Espainiar asoziaziotik «bereizi» egiten zela, eta Mexikoren askatasunaren alde aritu zirenekin batu zela borrokan. Bere askatasunaren alde borrokan dagoen Nafarroa baten lekukoa da Minarena.

Nafarroako Gobernuak ez du onartzen konkistarik izan zenik. Bada lehiarik, beraz.

Gaztelak patu historiko bat zeukala esaten dute. Ideologia nazionalista espantsionista espainiarra da haiena. Ukatzailea eta askatasunen aurkakoa. Ukapena ez da bukatu oraindik. Konkistak jarraitu egiten du. Nafarren eskubideak ukatzen dituzte, eta baliabide politiko eta ekonomiko guztiak eurenganatu dituzte, gainera. Guk egun gertatzen denari bilatu nahi diogu azalpena, baina arrazoi horiek iraganean daude.

Nafarroako historiari buruzko kongresu bat izango da maiatzean

Nafarroako konkistaren gaia hedatzea eta Europako testuinguruan kokatzea da Xavier Mina elkartearen asmoetariko bat. Kongresu bat antolatuko du Atarrabian (Nafarroa), eta maiatzaren 30ean hasi eta ekainaren 2ra arte iraungo du. Hogei adituk baino gehiagok aztertuko dute Nafarroako historia, Europako XVI. mendeko erreformaren ispiluan. xaviermina.org webgunean dago informazio gehiago.

http://paperekoa.berria.info/plaza/2012-02-24/034/001/konkistak_jarraitu_egiten_du_oraindik.htm

Tomás Urzainqui-ren hitzaldia

Otsaila 27, 2012 by xaviermina · Iruzkina utzi
Sailkatuta:Ekimenak, Jarduerak, Jardunaldiak 

HITZALDIAK: NAFARROAKO KONKISTA

Otsaila 7, 2012 by xaviermina · Iruzkina utzi
Sailkatuta:Deialdiak 

Xavier Mina Elkarteak  ondorengo  hitzaldien deialdia zabaldu nahi du:

  • Otsailak 10 : Tomás URZAINQUI

“Las absurdas justificaciones sobre la conquista”

  • Otsailak 24 : Idoia ARRIETA

“1200, Gipuzkoaren konkista” (euskaraz)

  • Martxoak 9 : Álvaro ADOT

“Navarra 1479-1512. Del cáos a la normalización política, social e institucional”

  • Martxoak 23 : Peio MONTEANO

“La segunda conquista”

Tokia : Condestable Jauregia, Iruñea. Kale Nagusia, 2.

Ordua  : 19h30 – 21h00


Asociación Xavier Mina Elkartea

www.xaviermina.org
http://www.youtube.com/XavierMinaElkartea
http://www.facebook.com/XavierMina
http://www.facebook.com/XavierMinaElkartea
info@xaviermina.org