Xavier Mina

Xabier Mina

Nafarroak eta Mexikok “gizon harrigarri bat partekatzen dute, zeinak bere jaioterria eta bere bigarren aberria ohoratu zituen”. Halaxe idatzi zuen, duela gutxi, Guadalupe Jiménez Codinach historiagile mexikar handiak, “Javier Mina y la independencia mexicana” lan-taldean egindako argitalpen batean (I. kap., I. ikerketa, 144. or.). Hitz horiek, sintesi bikaina izanik, badute balio berritzailea, hitz zehatzak eta zientifikoak direlako. Izan ere, nafar askatzaile eta internazionalista honen berrehungarren urteurrenean, harekiko interesa areagotzeaz gain, orain arte ezagutzen ez zen garrantzi handiko informazioaren aurkikuntza gehitu beharko da, Nafarroan izandako bizitza erakusten duena. Eta, hain da garrantzitsua, ezen alderdi nafarra ezinbestekoa baita Xabier Minaren biografian; hala ere, hainbat gertaera politiko eta ideologikoek eraginda, alderdi hori orain arte ez da aintzat hartu, garrantzitsua bazen ere. Orobat, Ameriketan eta Europan harekiko arreta areagotu dela ikus daiteke, lekuko aitzindari eta iraunkorra izan baita era globalean. Hori dela eta, aurten liburu berriak argitaratuko dira, hainbat hitzaldi izango dira Mexikoko Historia Nazionaleko Museoan eta herrialde bereko hiri anitzetako unibertsitate, ikastetxe eta kultur etxeetan ere bai. Baita Nafarroan ere! Xabier Mina Aberriaren Ongilea da, Heroiaren Mailan, mexikar herriaren independentziaren alde borrokatu eta sakrifikatu zelako; haren izena urrezko letretan idatzita dago Congreso de la Unionen eta Mexikoko Asanblea Nazionalean; haren gorpuzkinak Independentziaren Monumentuan ehortzirik daude, haren irudia eta izena agertzen dira txanponetan, karriketan, ikastetxeetan, aireportu batean, eta are hiri batek ere haren izena du.

Xavier Mina Larrea (1789-1817), Otaon (Elortzibar) jaio zen, Antzinako Erregimenaren amaiera gogora ekartzen digun egun batean, Iruñetik hamabi bat kilometrora eskas. Hantxe bizi izan zen hiru une garrantzitsutan grina biziz: heziketa garaian 1807ra arte; gerrillen buruzagia izan baino lehen 1808tik 1809ra arte, eta Iruñeko pronuntziamendua deitutakoaren atariko uneetan 1814an. Nafarroako hiriburuan burutu zituen lehen hezkuntza 1802an, eta 14 urtetik 18 urtera bitartean bestelako ikasketak egin zituen 1807ra arte. Bai bera,  bai irakasle ugari eta bai haren ikaskide asko ere 1789tik Europa osoan barna hedatzen ziren  ilustrazioaren printzipioetan hezi ziren: berdintasunean, askatasunean eta giza-eskubideetan oinarritutako printzipioetan, hain zuen ere. Nafarroaren historiaz jabetu ahala, Konbentzio Gerrako soldadu zaharrengandik jakintza militarrak ikasteko aukera izan zuen. Hala, Xabier Mina Iruñeko ilustratuen eta ikasleen artean nabarmendu zen, eta, handik bi urtera, horietako hainbat Xabierren aginduetara joan ziren boluntario: batzuk soldadu, besteak nagusi. Koroa espainiarrak ikasketa unibertsitarioak Nafarroako ikasleei hiriburuan egiten uzten ez zienez, gainerako ikaskideek bezala, Iruña utzi eta Zaragozako Unibertsitatera abiatu behar izan zuen. 1808an, unibertsitate horretako errektoretza hartzeko ikasle-talde baten buru ibili zen, zeinek Godyren erretratua erauzi eta bota egin baitzuten. Geroago, Nafarroako gerrillen lehen Komandante Nagusia izen zen, Napoleonen gudarostearen kontra (1809-1810); lau urtez Napoleonek preso politiko hartu zuen; aurrerago, 1814an, Iruñeko pronuntziamendua antolatu zuen eta 1815etik Ingalaterran, Estatu Batuetan eta Haitin, Mexikoren espedizio askatzailea ere bai. Halaber, izendatu zuten Mexikoren Kongresu Nazionaleko Dibisio Laguntzaileko Jeneral eta gudaroste mexikarraren Jeneral Nagusi,  hala erabaki baitzuen Xauxillan bilduriko Mexiko Errepublikako Gobernuak.

Aurton, 2017ko azaroaren 11n, haren heriotzaren berrehungarren urteurrena beteko da, orduan 28 urte zituela eta zazpi hilabetez gudaroste kolonial espainiarraren kontra gudukatu ondoren –zintzo eta gizatasunez, beti ohi bezala–. Botere monarkiko, absolutu, despotiko, teokratiko eta inperialistaren aldekoek hil zuten, Espainiako Fernando VII. erregearen agindua Juan Ruiz de Apodaca erregeordeak betez. Mina hilketa politiko baten biktima izan zen, pertsonen eskubideak, libertatea, berdintasuna eta herrien independentzia –zehazki, Mexikorena– defendatu zituelako. Antzeman daiteke Xabier Minaren heriotzaz batera hasi zirela agertzen Nafarroako jendartearen barne polarizazioaren lehengo zantzuak, gaur arte iraun duena. Harrezkero, jendarte nafarraren banaketa ideologikoak eragotzi du nafarrek beharko luketen batasuna, “bere libertateak defendatzeko: libertate horiek baitira bizitza bera baino maitagarriagoak”, 1903an eraikitako Foruen Monumentuak dakarren moduan. Aipatutako jendarte nafarraren zatiketaren ondorioak dira Minaren lagun militar gehienen hilketak eta gaur arte iraun duten anaien arteko gerra zibilak ere.

“Aberria ez du zedarritzen norberaren jaioterriak, baizik eta, batez ere, gure eskubide pertsonalak babesten dituenak”. Gaurkotasun osoko esaldi hori  Xabier Minak idatzi zuen Galvestoneko proklaman 1817ko otsailaren 22an; eta, nahiz eta Ameriketan zeuden europarrei zuzenduta egon hango izate berria onar zezaten, argi uzten du Minaren ikuskera aurrerakoia aberria edo gizarte politikoa definitzeko, lehenik eta behin hura baita pertsonen berezko eskubideen multzoa bermatzen duena eta ez hainbeste sorterria edo jatorria.