XVI. eta XIX. mendetako euskara batuari buruz hitz egingo dute Atarrabian

Gaur amaituko da ‘Nafarroaren konkista eta europar erreforma’ kongresua, hiru eguneko jardunaren ondoren.
Erredakzioa Atarrabia

Atarrabian, Nafarroaren konkista eta europar erreforma nazioarteko biltzarra antolatu dute. Hiru eguneko jardunaren ondoren, gaur amaituko da biltzarra, eta sormenaren eta hizkuntzaren inguruko hitzaldiak eskainiko dituzte. Xabier Mina Nafarroako Ikerketa Historikoen Elkarteak eta Atarrabiako udalak antolatu dute biltzarra.

Gaurko jarduna garai kulturalaren ingurukoa izango da. Aurelia Arkotxa-Scarcia Linguage Vasconum Primitiae-ri buruz ariko da. Charles Bidegain, Pello Guerra Viscaret eta Philippe Lartiguek ere hizkuntzaren inguruko solasaldia eskainiko dute. Ondoren, Josu Lavinek eta Manuel Ercillak XVI. mendetik XIX. mendera arteko euskara batuaren inguruan ariko dira. Fernando Serranoren hitzaldiaren ondoren, biltzarra amaituko dute.

http://paperekoa.berria.info/plaza/2012-06-02/031/001/xvi_eta_xix_mendetako_euskara_batuari_buruz_hitz_egingo_dute_atarrabian.htm

XVI. mendeko euskara batua

“Euskaldunon lehenbiziko euskara batua XVI.mendekoa da”

Jakintza Baitha elkarteko Josu Lavin eta Manuel Ercilla gaur arituko dira euskal hizkuntzaren sorreraz (eta etorkizunaz), ‘Nafarroaren konkista’ izeneko kongresuan.

Marta morales – Ostirala, 2012eko Ekainak 1

“XX. mendean sasipurismo ortografiko, lexikal eta sintaktikoa hedatu da, euskarari sekulako kaltea egiten diona”, adierazi dute Josu Lavinek eta Manuel Ercillak.

NAFARROAREN konkistaren harira, euskara bizirik irauteko, eta berez, erabilgarria suertatzeko, euren proposamenak plazaratuko dituzte Josu Lavinek eta Manuel Ercillak Nafarroaren konkista eta europar Erreforma (1512-1610) kongresuan. Xavier Mina Nafarroako Ikerketa Historikoen Elkarteak antolatu du nazioarteko biltzar hau, egun hauetan Atarrabian burutzen ari dena, hain zuzen. Egitarau oparoaren barnean, gaur eguerdian, bertako Kultur Etxean, Josu Lavin eta Manuel Ercilla Jakintza Baitha elkarteko kideek El euscara unificado del siglo XVI al XIX izenburupeko hitzaldia eskainiko dute, euskaraz. “Batu aditzak, beste adiera batzuen artean, unitu, bat egin, unifikatu erran nahi du, ezta? Bada, XVI. mendekoa da lehenbiziko euskara batua. Euskaltzaindiak azken mende-erdian finkatutako batua euskaldunok dugun bigarren euskara batua da”, argitu du Lavinek.

HIZKUNTZA, PERTSONEN ZERBITZURA Antzineko batuaren sorrera horretan, Joannes Leizarraga euskal idazleak egindako lana funtsezkotzat hartzen dute biek. Lapurtarraren itzulpen lanak bereziki goraipatzen dituzte adituek, Testamendu Berria eta Erreforma garaiko obrak, kasu. Bere lana aurrera eramateko, Joana III.a Nafarroko erreginaren babesa lortu zuen Leizarragak. “Nafarroa independenterako euskara batu bat sortzen da gure egunetara arte iraun duena, zeina gaur egun nafar-lapurtera deitzen baita”, azaldu du Lavinek.

Berazkoitz herriko semea artzain protestantea zen, eta Erreformaren baloreak antzematen dituzte hizlari biek bere lanetan, hau da, bere kabuz libreki pentsatzen duten pertsona alfabetizatua eta instruitua sortzea. “Bazekiten pertsona hizkuntzaren bidez salbatu behar zela, ezen ez hizkuntza pertsonaren bidez, egun uste den gisara”, ohartarazi du Ercillak. Jakintza Baitha elkarteko kideek badakite ez direla nostalgiak hartuta ari. Gure arbasoen euskara batuaren mesede eta bertuteak egungo euskaldunentzako berreskuratu nahi dituzte. “Beren espiritu libreaz jausi gaitezen, gure pentsamendua izan dadin espresatua termino prezisoz, sintaxi zehatzez, aditz forma egokiz…”, nabarmendu dute. Antzineko euskara batu horri “neoklasikoa” deritzote. Gabriel Arestik T.S. Eliot poetaren Laur Quartettoac itzuli zuen estilo bera, hain zuzen ere.

“Haimberce aldiz ençun dugu ecen euscarac euscaldun eguiten gaituela non ia ia ahaztu çaigun ecen euscaldunoc garela euscara,mendezmende, eguin eta eguiten dugunoc”, agertu du Lavinek, Arestik bezalaxe, euskara neoklasikoa erabiliz, “irakurleak erraz ulertzen dela ohartarazteko”, adierazi du.

EUSKAL GIZARTEA, ALZHEIMERRAK JOTA Leizarragak hasitako bidea, lehenengoz Kontraerreformako euskal idazleek, eta, beranduago, Frantziak Ipar Nafarroa konkistatu ondorengoek jarraitu zutela gogorarazi dute: XVII. mende hasierako Materre edo Axular; ostean Xurio, edo, XIX. mendean, Intxauspe, besteak beste. “Guztiek Leizarragak finkaturiko euskara klasiko batuan idatzi zuten. Baina Euskal Herrikoa Alzheimerrak jotako gizartea da. Euskaldunek oro har ez dakite estatu independente bat eduki dutenik, ezta euskara batu nazional batez gozatu dutenik ere”, ohartarazi dute. Beren ustez, euskara batuak ez du betetzen gaztelania eta frantsesaren papera, baina, horren zergatia arrazoi politikoengandik haratago topatzen dute. “XX. mendean sasipurismo ortografiko, lexikal eta sintaktikoa hedatu da, zeinek gure hizkuntzari sekulako kaltea egin eta egiten baitio”, ziurtatu dute. Eta hainbat galdera luzatu dute ere bai. Gaur eguerdian Atarrabiako hitzaldian luzatuko dituzten berberak: “Zergatik eta zer autoritatez suprimitu dira literatura klasikoko milaka hitz; zergatik, XXI. mendean, baserri giroarengandik hartutako hausnartu, jorratu edota aztertu bezalako hitzak kontzeptu abstraktuak izendatzeko, bere oinarrizko esanahia galduaraziz?”. “Lapurreta kulturala” deritzote honi.

ERAGILGARRITASUNAREN ALDE Hala eta guztiz ere, Jakintza Baitha elkarteko kideak ez daude euskara batuaren kontra, erabiltzen den euskararen aldekoak baitira biak. “Euskara batuak badu parte bat oso ona, egiatan erabiltzen da, alegia, gure literatura tradizioaren paradigmen barruan aurkitzen da. Baina Euskaltzaindiko euskara batuaren beste erdia –zehaztu du Ercillak–, aldiz, ez da inoiz erabiltzen: hiztegietan eta aditz paradigma fantastikoetan agertzen dena da”. Egoera horrek euskaldun alfabetatuengan “inferioritate konplexua” erein duela ziurtatu du. “Oraindik hizkuntza osoa ez dutela ikasi uste dute (euskara ikasleek). Eta egia da, hizkuntzaren erdi bat falta zaie, zeina gure klasikoen hizkuntzan eta lexiko internazionalean aurkituko duten”.

‘NACIOA’, 400 URTEZ HORRELA IDATZITA

Nazioa adierazteko, ‘natione’ erabili zuen Leizarragak. Hitz internazionala, hain zuzen, Josu Lavinek eta Manuel Ercillak nabarmendu dutenez. “Egun interneten topa dezakegun informazioaren %50ak termino internazionalen grafia mantendu du”, azaldu dute. Horren adibide, ingelesezko ‘nation’ hitza. “Lau mendetan euskaraz ‘natione’ zein ‘nacione’ idatzi izan da. Orain, ordea, ‘nazio’ nagusitu da”, kritikatu dute.

http://www.deia.com/2012/06/01/ortzadar/euskaldunon-lehenbiziko-euskara-batua-xvimendekoa-da

XVI_eko_euskara_batua.pdf